BILBAO ARTIZARRAK FK ETA EUSKARALDIA

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz. Orduan norbanakoengan jarri zen fokua, eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.

2020an izango da bigarren edizioa, eta, oraingoan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egingo zaie, euren eremuetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko pausoak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten.

2020ko berrikuntza ariguneak dira. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, entitate barruan edo entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute.

Bilbao Artizarrak futbol-taldeak Euskaraldiarekin bat egitea erabaki du. Horretarako, 2020ko edizioan izena emango du, eta ariketak irauten duen bitartean, euskara taldearen barruan sustatzeko eta aurrera begira taldearen barruan euskararen presentzia sendotzeko pausoak emango ditu.