2019-2020 denboraldiaren amaiera

Itxaropen handiz ekin bagenion ere, dagoeneko denboraldia amaitutzat eman beharra dugu. Gutako inork ez zuen horrela bukatzerik nahi, baina Covid-19aren agerpena dela eta, izan dugun alarma-egoerak eragindako gorabehera berezien ondorioz, aurreikusita genituen txapelketetan parte hartu gabe geratu gara, gurea barne -Bilbao Cup-, horietako bat bera ere ez baita egiterik izan.

Hala ere, zailtasunak zailtasun, Klubean, ahal izan dugun heinean, lanean jarraitu dugu,  bai administrazio-eginkizunetan, bai kirol-arloan.

Horren guztiaren emaitza da estreinatu berri dugun webgune berria; espero dugu hemendik aurrera komunikazio-tresna eraginkorra izatea Bilbao Artizarrak FK-ko kide guztien artean. Baita, jakina, konfinamendu-garai gogorrenean astero jarri ditugun erronkak ere.

Kirol-arloan, gure jokalariek beren taldeekin duten loturari eutsi diezaioten saiatu gara, eta, horregatik, entrenatzaileen bidez, beren adinari egokitutako ariketak egiteko agindu zaie, ahalik eta egoera fisikorik onenean egon daitezen. Era berean, bideokonferentziak egin dira, eta horrek lagundu egin digu klubeko kide izatearen garrantzia nabarmentzen. Eta hori guztia klub hau osatzen dugun guztion ahaleginari esker egin dugu, betiere gure talde teknikoaren lan-eskubideei kalterik egin gabe.

Datorren denboraldiari ahalik eta azkarren ekingo diogulakoan, ez dugu zalantzarik unea iristen denean prest egongo garela denok nork bere onena emateko. Denbora luze daramagu lanean hori helburu dugula. Halaber, jakizue behar duzuen informazio guztia hilabete honetan estreinatu berri dugun komunikazio-elementu berri honen bidez helaraziko zaizuela. Webgunea arretaz aztertzera animatzen zaituztegu, baita egoki ikusten duzuen edozein ekarpen egitera ere.

Besterik gabe, denok ongi izango zaretelakoan eta 2020-2021 denboraldi berri bezain itxaropentsuan laster elkar ikusiko dugulakoan, uda ona izan dezazuen opa dizuegu.

Aupa Bilbao Artizarrak FK, eta ondo izan!